-       Bideo-jokalari errusiar gazteak garaipena lortu du lehiaketaren ezusteko finalistaren aurka. Thunderx3 Baskonia taldeko 'gamerra' den Mario Lorente 'Mariodela' ustekabean iritsi da Gamegune 2016ko final handira 

-       Pavel ospe handiko txapelketa honetan gailendu da eta 12.000 euroko diru saria lortu du Hearthstone bideo-jokoko 'gamer' onenak gainditzeko erabili duen joko sendoari esker 

-       Gamegune 2016ko partidek 400.000 ikusleko online audientzia lortu dute, norgehiagokak euskaraz, gazteleraz, ingelesez, alemanez, frantsesez eta errusiarrez igorri dituzten interneteko kanalei esker. Ikusle kopurua iazkoa baino askoz altuagoa da, Gamegune 2015eko 200.000 jarraitzaileak erraz gainditu baitira aurtengoan 

-       Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Gamegune, Euskaltel eta SPRI taldearen babesarekin

Gamegune 2016ko bideo-joko txapelketaren final handian merezitako garaipena lortu du duela gutxi munduko Hearthstone lehiaketan txapela eskuratu zuen Pavel Beltukov errusiarrak. Aurkari zuen Mario Lorente 'Mariodela', Thunderx3 Baskonia taldekoa, aurtengo ezusteko finalista gaztea. 18 urteko 'gamerra' ustekabean gailendu zaie munduko Hearthstoneko jokalari onenei. Hala ere, munduko bideo-jokalari indartsuenaren joko sendoa erabakigarria izan da txapelketaren azken partidan. 

Azken bi egunotan Donostiako Kursaal jauregian burutu den Gamegune 2016 txapelketak bideo-jokalarien munduko elitea bildu du, horien artean Top 15eko 11 jokalari. Norgehiagoka ugariren ostean eta ehunka ikusleren aurrean, Pavelek lortu du garaipena; Millenium Esport Club frantziar taldeko jokalariak hain zuzen. Duela apenas bi aste nazioarteko Hearthstone lehiaketa garrantzitsuena den Blizzcon 2016ean txapelduna izan zen errusiarra. Garaipen berri honek dakarren ospeaz gain, jokalari gazteak 12.000 euroko saria lortu du. Bigarren sailkatu 'Mariodelak' 6.000 euro eskuratu ditu, eta finalaurrekoetan galdu badute ere, Espainiako bideo-jokalari onena den 'AKAwonderrek' eta 'Ekop' alemaniarrak 3.000 euroko diru saria jaso dute bakoitzak. 

3-0 irabazi dio Pavelek 'Mariodelari', eta emaitza onek garbi isladatu du. Final handira sailkatzeko bidean eta lehen fasea gainditu ondoren, 'gamer' errusiarrak 3-2ko garaipena lortu du Stanislav “StanCifka” Cifka nazioarteko hirugarren bideo-jokalari onenaren aurka. Finalaurrekoan berriz, munduko 20. 'gamer' sendoena den AKAwonderri 3-1 irabazi dio. 

Audientzia arrakasta 

Ehunka ikusle bildu dira atzo eta gaur Donostiako Kursaalean ganbera-aretoan jokatu diren partidetaz, aurkezleen zuzeneko lokuzioaz eta eszenatokiko giro bikainaz gozatzeko. Gainera, Gamegunek bere jarraitzaile kopurua bikoiztu du eta 400.000 ikusle baino gehiagok jarraitu dituzte streaming bidezko partidak, iazko 200.000 ikusleak erraz gaindituz. Aurten, partidak hainbat hizkuntzatan jarraitu ahal izateko ahalegina egin dute antolatzaileek. Honela, zaleek online ikusi dituzte partidak euskaraz, gazteleraz, alemanez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz. Bitxikeria moduan, Frantziako eta Errusiako kanalak izan dira audientzia gehien izan dutenak. 

Hearthstone: Heroes of Warcraft bideo-jokoan aritzen diren nazioarteko 50 milioi jokalariek, estrategia eta zoria konbinatzen dituen karta-joko birtual hau munduko hirugarren jokorik jarraituena bihurtu dute interneten. Hainbeste aldagai izanik, gamerrak partida bakoitzean egiten dituzten kalkuluak xake jokalari batenak bezain konplexuak izaten dira. 

Bideo-joko zaleek ere ondo pasatzeko hainbat jarduera izan dituzte Gamegunen. Izan ere, euren idoloak lehian ikusteaz gain, beraiek ere txapelketa amateur batean parte hartzeko aukera izan dute lehen aldiz. ‘Sutondoko topaketak’ izeneko aurrez aurreko amateurrak txapelketa profesionalaren areto berean egin dira eta 2.000 euroko saria banatu dute lehen lau sailkatuen artean, eta opariak parte-hartzaileen artean. 

facebook twitter twitch

Geure cookieak eta besterenak erabiltzen ditugu zure nabigazioa eta gure zerbitzuak hobetzeko, gure webgunearen erabilera aztertuz.

Aurrera egiten baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Argibide gehiago: Cookien Politika

Onartu