- Donostiako Kursaal jauregian burutuko den eSports txapelketan Hearthstone bideo-jokoko munduko 16 'gamer' onenek hartuko dute parte, horien artean Top 10eko 9 jokalarik.

- Azaroaren 18an eta 19an egingo da XVI. Gamegune bideo-jokalari profesionalen nazioarteko lehiaketa. Estatuan antolatutako 'Hearthstone: Heroes of Warcraft' txapelketa handiena jokatuko da aurten Gamegunen

- Sarrera doakoa izango da, eta partidak streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da. Mundu osora eta hainbat hizkuntzatan igorriko dira norgehiagokak. Iaz, 200.000 ikusle baino gehiagok jarraitu zituzten Gameguneko partidak

- Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Gamegune, Euskaltel eta SPRI taldearen babesarekin


Munduko Hearthstone jokoko 16 'gamer' onenek hartuko dute parte Gamegune 2016ean, azaroaren 18an eta 19an burutuko den eta 25.200 euro banatuko dituen bideo-joko txapelketan. Donostiako Kursaal jauregian jokatu diren partidez gain, eSport zaleek hainbat jarduera erakargarri aurkituko dituzte bertan, eta areto berean burutuko den txapelketa amateurrean parte hartzeko aukera ere izango dute. Sarrera librea izango da, eserlekuak agortu arte.

Bideo-jokalari profesionalen lehiaketa hau Blizzard Entertainment-en Hearthstone: Heroes of Warcraft jokoan oinarrituko da. Nazioartean 40 milioi jokalari baino gehiago lehiatzen dira zoria eta estrategia konbinatzen dituen karta-birtualen joko honetan. Gainera, interneten ikusle gehien biltzen duen estrategia jokoa da, bideo-joko partidek mundu mailan dituzten milioika ikusleen %15 erakartzen baititu. Adibide moduan, iaz 200.000 pertsona baino gehiagok jarraitu zituzten Gameguneko norgehiagokak streaming bidez.

Gameguneko parte-hartzaileen kalitatea ezin da zalantzan jarri, Hearthstone bideo-jokoko munduko 10 jokalari onenetatik bederatzi izango baitira Donostian, baita Estatuko lehen mailako gamer-ak ere. Garaileak 12.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 6.000, eta hirugarrenak eta laugarrenak 3.000 euro eskuratuko dituzte. Diru sariaz gain, parte-hartzaileak Europako lehiaketa zaharrenetariko batean garaile izateak dakarren ospearengatik lehiatuko dira Gamegunen.

Jokaleku ikusgarria

Partidak emozio handiz jarraitzeko ezinbesteko osagai izango dira Hearthstone jokoan girotutako eszenatoki ikusgarria eta zuzeneko lokuzioa. Horrez gain, cosplayer-ak izango dira, bodeo-joko honetako pertsonaien gisara jantzitako modeloak, eta photocall-ean horiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaratuek.

Partidak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte mundu osoan milioika zale dituen joko honen jarraitzaileek. Aurtengo apustuetako bat da, hain zuzen, internet bidezko ikusleen kopurua handitzea; hau da, aurreko urteetako zifra potoloak areagotzea. Horretarako, aurrez aurrekoak zenbait hizkuntzatan igorriko dira; besteak beste, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta errusieraz.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatutako eta Euskaltelek eta SPRI babestutako ekimena publikoari irekia izango da, interesa duten guztiek txapelketa zuzenean jarraitzeko. Azaroaren 18an, ostirala, 16:00etatik aurrera irekiko dituzte Kursaaleko ateak, eta larunbatean, 10:30ean. Sarrera doan izango da, eserlekuak agortu arte.

Txapelketa amateurra

Nobedade moduan, norgehiagoka profesionalarekin batera jokatuko den txapelketa amateurrean parte hartu ahal izango dute zaleek. 'Sutondoko topaketak' izenburudun lehiaketan 2.000 euro banatuko dira saritan, lehenengo lau sailkatuen artean, eta bestelako opari eta sorpresak ere izango dira.

Norgehiagoka dibertigarria eskaini nahi dute antolatzaileek, edozein mailako jokalarientzat egokia. Kanporaketa-sisteman oinarritutako txapelketan 64 pertsona lehiatuko dira. Interesatuek webgune honetan eman behar dute izena: http://eu.battle.net/hearthstone/es/fireside-gatherings

facebook twitter twitch

Geure cookieak eta besterenak erabiltzen ditugu zure nabigazioa eta gure zerbitzuak hobetzeko, gure webgunearen erabilera aztertuz.

Aurrera egiten baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Argibide gehiago: Cookien Politika

Onartu